Pontifex maximus
Pontifex maximus (euskaraz, apezpiku gorena) Antzinako Erroman apezpikuen kolegioaren (collegium pontificum) apaiz gorenari ematen zitzaion ohorezko titulua zen, Antzinako Erromako erlijioko titulurik gorena. Hasieran, patrizioek baino ezin zuten lortu, K.a. 254 arte, plebeio batek titulua eskuratu zuenean. Erromako apaizaren lanbiderik boteretsuena izan arren, pontifex maximus ofizialki bosgarren postuan zegoen apaiz erromatarren hierarkian (ordo sacerdotum), rex sacrorum eta flamen nagusien (flamen dialis, flamen martialis eta flamen quirinalis) atzetik[1].
Errepublika erromatarraren hasieran, tituluak eragin erlijioso hutsa zuen, baina boterea irabazi zuen eremu politikoan Augustoren garairaino, erabaki zuenean titulua enperadoreak hartzea, Erromatar Inperioaren garaian. Erromako enperadoreek Antzinate Berantiarra iritsi arte erabili zuten, Graziano gaztearen garairaino, bere titulu ofizialetan ez aipatzea erabaki zuenean, pontifex inclytus izenarekin ordezkatuz («apezpiku ohoragarria»). Ondoren, beste enperadoreek ere erabili zuten, tartean Teodosio Handia Grazianoren koenperadoreak, Valentiniano III.a eta Martziano ko-augustoek eta Anastasio I.ak.
Pontifex hitza eta haren eratorria «pontifize» terminoa gotzain kristauentzat erabili zen[2], besteak beste, Erromako Gotzainarentzat[3]. Pontifex maximus titulua Eliza Katolikoan ezarri zen euren gotzain edo apezpiku gorena izendatzeko. Pizkundeko eta Aro Modernoko aita-santuen izenen ondoan agertzen da eraikin, monumentu eta txanponetan. Annuario Pontificion jasotzen diren aita-santuaren tituluen artean summus pontifex titulua agertzen da, baina laugarrena da ordenan, lehenengoa Erromako Apezpikua baita.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) Forsythe, Gary. (2005). A Critical History of Early Rome: From Prehistory to the First Punic War. University of California Press ISBN 978-0-520-24991-2. (Noiz kontsultatua: 2024-03-05).
- ↑ Pascal, Paul. (1966). «Mediaeval Uses of Antiquity» The Classical Journal 61 (5): 193–197. ISSN 0009-8353. (Noiz kontsultatua: 2024-03-05).
- ↑ «Banque images avec normes enfant (LPE - PSYCLE) - Accueil» bd2i.univ-grenoble-alpes.fr (Noiz kontsultatua: 2024-03-05).